Suns Europe 2025 jaialdian parte hartzeko deialdia irekita

2025/04/07

Euskara. Kultura. Mundura.

2025 abenduan Suns Europe jaialdia egingo da Italiako Udine hirian eta Friuli eskualdeko beste zenbait tokitan, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin. Hizkuntza gutxituak ardatz dituela, musika eta arte eszenikoetara bideratuta dagoen jaialdia da Suns Europe. Friuleraz ´suns´ hitzak ´soinuak´ esan nahi du. Ekitaldia aukera bat da Europako komunitate guztiak beren hizkuntza-eskubideez, eta kultura-aniztasunak ondare, eskubide eta aukera bezala duen garrantziaz jabetu daitezen.

Deialdi honek proposamen musikalak soilik hautatzea du helburu, eta taldeek zein bakarlariek eman dezakete izena. Izen-emateko epea maiatzaren 11an bukatuko da. Deialdiaren oinarriak eta izena emateko informazioa kontsultatu daiteke hemen.

SUNS EUROPEko Batzorde Artistikoak aukeratuko ditu artista parte hartzaileak. Hautaketa 2025eko ekainaren 15erako egingo da. Eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie ebazpena posta elektronikoz.

Antolakuntzak aukeratutako artistak jaialdiaren itxiera ekitaldian zuzenean jotzera gonbidatuko dituzte. Antolatzaileek ahalegin guztiak egingo dituzte parte hartzen duten artistei haien musika-ekoizpena erakusteko aukera emateko jaialdiko beste ekitaldi batzuetan.

Iaz, Miren Narbaiza MICE aritu zen, Udinen, euskal ordezkari modura, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin. Gainera, jaialdiko udarako ekitaldietan Niña Coyote eta Chico Tornadok ere parte hartu zuten jaialdiaren lehen asteburuan, bi emanalditan.

Suns Europe

Suns Europe 2009an sortu zen, Alpeetako komunitate gutxituen arteko topaketa gisa, baina 2015etik aurrera jaialdiaren helburua zabaldu zuten, eta jaialdia Europa osoko hizkuntza gutxituetan sortutako musikaren, arte eszenikoen, zinemaren eta literaturaren arteko elkartrukerako topagunea bihurtu zen. Musika atalak musika-ekoizpen originalenak eta berritzaileenak ikusaraztea du helburu.

Urtero, SUNS Europek hizkuntza gutxituetan sortutako produkzio artistikorik onenak saritzen ditu.  Jaialdiaren helburua hizkuntza komunitate txikien sektore kultural eta sortzaileak indartzea da, batez ere hizkuntza horietan egindako arte garaikidea sustatzeko. Horren harira, hizkuntza gutxituen berme diren beste hainbat jaialdik ez bezala, Suns Europek kultura horiek ez ditu tradizio eta folklore moduan ulertzen, baizik eta etengabeko bilakaeran eta eraberritzean oinarritutako elementu moduan.

Jaso abisuak zure posta elektronikoan zure intereseko deialdiak irekitzen direnean.

Harpidetu